Aurrekariak eta sorrera

Arraunak beti izan ditu sustrai oso sakonak euskal kostaldean, berau izan da gure arrantzaleen ogibide nagusia. Gazteen artean, batez ere euskal kostaldeko gazteen artean, kirol garrantzitsua izan da beti arrauna.

Baina arrauna ulertzeko modu bakarra zegoen: tostako arrauna, batelak eta traineruak. Aulki mugikorrarentzat ez zegoen aukerarik, eta itsasoko yolak ez zuten bere gunea lortzen; “kaleko umeen” modalitate bezala zegoen ikusia, bai bere berezitasunagatik, bai ontziak askoz garestiagoak zirelako.

Garai hartan AMAIKAK BAT elkartean arraunean jarduten zuen arraunlari talde batek eta ondoren JOLASTOKIETAko batzuk, azken talde hau desagertu zenean, erabaki zuten serioski hastea arraunean. Erabaki horren ondorioz emaitza garrantzitsuak lortu zituzten, besteak beste, Elkano saria (Elkanoren mendeurrena ospatzeko Donostiako udalak antolatu zuen estropada garrantzitsua).

Hala ere, oso estropada gutxi antolatzen ziren garai hartan eta era horretan ezinezkoa zen segida ematea. Ondorioz, eta aulki mugikorrean estropada gehiago antolatzen zirenez, erabaki zuten itsasoko yolatan arraun egitea. Arraun egiteko era ezberdina zen, eta horrek erakargarri egiten zuen; horrezaz gain, atzerrian arraun egiteko aukera ere ematen zuen arraun mota honek.

Saiatu ziren yola bat lortzen, baina ezinezkoa izan zen. Hala ere ez zuten etsi; aurretik Askatasuna, Euskotarrak eta Nai-Degu batelekin egin bezala, yola bat egitea erabaki zuten (Euskotarra) izen jarri zioten. Planorik eta behar bezalako informaziorik ez zutenez inprobisazioz jardun zuten, eta emaitza nahiko kaskarra izan zen. Yola harrekin, gabarra bat zirudien, egindako lehen estropadako emaitza ez zen arraunlarien gustokoa izan.

Hala ere, giroa ezin hobea zen eta ilusio apartekoa zuen talde harrek. Taldeak erabaki zuen kirol elkarte bat sortzea arraun munduan jarduteko, bereziki aulki mugikorreko modalitatean. Lehen gestioak egin, elkartearen arauak adostu eta garaiko agintarien baimena eskuratu ostean, UR-KIROLAK elkartea sortu zen.

1922ko Urriaren 13an, Principe kaleko 7 zenbakiko sotoan ondoren aipatzen ditugunak batzartuta:

JUAN LANDABEREA, JOSE ECHEVERRIA, JOSE EGURBIDE, EUSTAQUIO EGURBIDE, LUIS ECHEVERRIA, IGNACIO URANGA, RAMON ARISTIGUIETA, AQUILINO ECHEVERRIA, LUIS ZUBILLAGA eta IGNACIO LERCHUNDI, sortu zuten elkarte berria SOCIEDAD NAUTICA DEPORTIVA UR-KIROLAK izenarekin; lehenengo Zuzendaritza honela osatu zen:

LEHENDAKARIAD. Juan Landaberea
LEHENDAKARIORDEAD. José Egurbide
DIRUZAINAD. Ignacio Uranga
IDAZKARIAD. Luis Echeverría
MAHAIKIDEAKD. Aquilino Echeverría
D. Ramón Aristiguieta
D. Luis Zubillaga

Behin behineko egotzi nagusia Urdaneta kalean 4-1. pisuan ezarri zuten, diruzainaren etxean.

UR KIROLAK 1922 - Historia